XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LEGEBILTZARRAK ATZERA BOTA ZITUEN ATZO OPOSIZIOKO ALDERDIEK AURKEZTUTAKO OSOKO ZUZENKETAK

EAEk Europako Batasunak eskatzen dituen aurrekontuak izango ditu

Juan Jose Ibarretxek adierazi du 1997. urteko aurrekontuak Europako bat-egite prozesuari lotuta daudela, eta geroaren aldeko apustua egin duela Jaurlaritzak.

Oposizioak ez zuen ontzat eman Ibarretxeren asmoa, baina EAJk, EAk eta PSE-EEk atzera bota zituzten zuzenketak.

Felix Iriarte / Gasteiz

EUROPA hitza eta Europako Batasuna alderdi guztien ahotan izan zen atzo Gasteizko Legebiltzarrean.

Jaurlaritzako hiru alderdiek ezinbestekotzat jo zuten 1997ko aurrekontuak bat-egite prozesuarekin lotuta egotea, PPk bezala, nahiz eta alderdi honek Jaurlaritzaren asmoari sinesgarritasuna kendu zion.

IU, HB eta UAri, aldiz, ditxozozko hitzek oroitzapen onak baino gehiago susmo txarrak ekarri zizkieten.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariordeak jarri zituen eztabaidaren oinarriak.

Berak aurkeztu duen aurrekontu proiektua defenditzeko, esan zuen 1997. urtea urte klabea izango dela Europaren geroarentzat, eta EAEko aurrekontuak prozesu horren barruan kokatu zituen.

Geroaren alde apustu egiteko unea da.

Izan ere, apustu egiten dugu Europa haz dadin, eta horregatik herri serio baten alde gaude, bat egiteko prozesuan aurrera egin nahi duen herri baten alde, adierazi zuen.

EAEk 709.878 milioi pezeta izango ditu 1997. urterako, aurten baino gutxiago aintzat hartuz gero urte honetan hainbat transferentzia hartu dituela, eta horiek hornitzeko diru partidak aurreikusi behar direla.

Hala ere, dirua aurrezteko ahalmen gehiago izango du EAEk, 2.000 milioi pezeta gehiago.

Halaber, defizit publikoa Barne Produktu Gordinaren % 0,3 izatea espero dute Jaurlaritzako agintariek.

Datu hauek, zor jaulkipenaren jaitsierarekin batera, Europaren eskakizunei lotuta daudela azpimarratu zuen Ibarretxek, eta poztu egin zen EAEk Europako erronka irabazteko oinarriak jarri dituelako.

Oposizioko alderdiek ez zuten haren poza agertu.

Ikuspuntu erabat ezberdinak erabili zituzten aurrekontu proiektua gaitzesteko, eta beste proiektu bat aurkezteko eskatu zuten guztiek.

Honakoak dira alderdi bakoitzaren ikuspuntuak, eta Jaurlaritzako alderdiek erantzun zietena.

Herri Batasuna.

Karmelo Landa bozeramaileak esan zuen Jaurlaritzaren asmoak Euskal Herriaren garapena oztopatuko duela, eta 1997. urterako aurrekontuak aurtengoak baino okerragoak izango direla nabarmendu zuen.

Ibarretxeri karterista deitu zion, dirua langileen poltsikotik atera duelako.

Hori agerian uzteko, esan zuen zerga zuzenak gehien igo direnak izan direla.

Proiektua antisoziala da, eta, gainera, inbertsioen kopurua jaitsi egin du Jaurlaritzak, adierazi zuen.

Landak marko propioa aldarrikatu zuen, eta dei egin zion EAJri marko hori lortzen lagun dezan.

Rafael Larreinak (EA), Roberto San Ildefonsok (PSE-EE) eta Juan Maria Ollorak (EAJ), erantzun zioten Jaurlaritzako taldeen izenean.

Lehenak egotzi zion zuzenketa aurkeztu izana hitzaldi politikoa egiteko.

Erraza da markoari buruz hitz egitea alternatibarik aurkeztu gabe, bota zion.

San Ildefonsok esan zion HBk ez duela ezer eraikitzen, eta koalizioaren helburua sistema deslegitimatzea besterik ez dela.

Ollorak, aldiz, esan zion independentziaren eszenatokia sartzeak Europako helburua lortzea zaildu egingo duela.

Partidu Popularra.

Leopoldo Barreda ez zen kexatu aurrekontuak iparrerako bidea hartu omen duelako.

Bere kexka zen Jaurlaritza ez dela solidario izan Madrilgo Gobernuarekin funtzionarioen soldatak ez dituelako izoztu, Jose Maria Aznarrek egin duen bezala.

Bestalde, sinesgarritasuna kendu zion Ibarretxeren egitasmoari, urtero gauza bat onartu eta beste bat egiten duelako.

Barredak, behingoz, gauza positiboak ikusi zituen Ibarretxeren proiektuan, zorpetzea gutxitzea, eta zor biziaren negoziazioak emaitzak eman izana besteak beste.

PPko kideak, gainera, 1.000 milioi pezeta eskatu zituen lanbide heziketarako.

Berak uste du Jaurlaritzak ikastolen zorra barkatu ez balu, posible litzatekeela lanbide heziketarako diru gehiago izatea.

Larreinak, erantzunen txandan, esan zion PPk ez zuela osoko zuzenketa aurkeztu behar, asmoaren ildo esanguratsuenekin bat zetorrelako.

Halaber, urtero gauzak aldatzen direla azpimarratu zion, baina horrek proiektuaren sinesgarritasuna ez duela kolokan jartzen adierazi zuen.

Ollorak ere lege asmoaren sinesgarritasuna aipatu zuen.

Sinesgarritasuna ekintzek ematen dute.

Eta ekintza da 1995. urterako defizitik publikoa BPGren % 0,7 izatea aurreikusi genuela, eta azkenean % 0,64 izan zela.

Orain % 0,3 aurreikusi dugu, eta seguru beteko dugula, esan zion PPkoari.

Izquierda Unida.

Javier Madrazori ez zaitzaion batere gustatu Ibarretxeren diskurtsoa, europarregia iruditu baitzitzaion.

Aurekontuak balio behar luke hemego egoerari erantzuteko, hau da, aurre egin beharko lioke enplegu faltari, desorekak konpontzeko erabili beharko genuke.

Hala ere, tamalez, beste bide bat hartu du, Maastrichtek eskatzen duena.

Aukera ezin hobea galduko dugu langabeziari aurre egiteko, esan zuen.

Sarrerak gastuen kopurua gainditzea datozen urteetako helburua izatea, Ibarretxek esan zuen bezala, arbuiatu zuen, halaber, IUko kideak.

Jaurlaritzak ez du sozietate anonimo bat izan behar; alderantziz, mozkin sozialak banatu behar ditu, erantzun zion.

San Ildefonsok esan zion IUren helburuekin ia bat zetorrela, baina enplegua aberastasunaren ondoren bakarrik etorriko dela ohartarazi zion, Madrazoren iritziaren aurka.

Aberastasunak ez du berez enplegua sortzen.

Enpresa askok irabazpen handiak dituzte, baina horregatik ez dute enplegua sortzen, erantzun zion, gero, Madrazok.

Ollorak, aldiz, adierazi zion datu ekonomikoak urtez urte hobeak direla, eta horrek bakarrik berma dezakeela datozen urteetako enplegua.

Unidad Alavesa.

Raul Reyeroren kezka nagusiak Arabako Foru Aldundiaren aportazioa eta Jaurlaritzako alderdien abertzaletasuna izan ziren.

Lehenari buruz kexatu zen, diputazioek, eta Arabakoak bereziki, gero eta gehiago aportatzen duelako.

Uste du, gainera, Foru Aldundia gero eta pobreagoa dela.

Iñazio Oliveri salatu zuen ikastolei zorra barkatu dielako, eta Mari Karmen Garmendiari titulu hau eman zion: Espiritu Nazionaleko kapitaina.

Ollorak errieta egin zion UAkoari, eztabaida esparru pertsonalera eraman zuelako.

Uste duzu hala eraiki daitekeela zerbait?, bota zion gero.

Ollorak, izan ere, uste du, eta hala esan zuen, UAren programa bakarra Araba dela.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariordeak egin zuen aurrekontuen azalpena. Argazkian Ramon Jauregi Ekonomiako sailburu sozialistarekin hizketan.

Juan Jose Ibarretxe: Geroaren alde apustu egiteko unea da.

Izan ere, apustu egiten dugu Europa haz dadin, eta horregatik herri serio baten alde gaude

Javier Madrazo: Aurrekontuak balio behar luke hemengo egoerari aurre egiteko, hau da, enplegu faltari